domingo, 17 de febrero de 2013

GU ERE KONPOSTAREN ALDE!




GU ERE KONPOSTAREN ALDE!
SARRERA
Kaixo ikasleok!!!!
Unitatetxo honetan konpostari buruz hitz egingo dugu. Lehen zatian, konposta zer den ikusiko dugu, nola egiten den eta zergatik den beharrezkoa. Ondoren, behin konposta onuragarria dela ulertuta, udalari bosgarren edukiontzia eskatuko diogu.

Baina, egin dezagun bidea pausuz pausu, astiro. Hona jarduerak:


1.        JARDUERA
Irakur itzazu galderak bi aldiz eta gogoan hartu. Ondoren, galderak begi bistan ez dituzula, irratsaio laburra entzungo duzu, behin bakarrik. Entzun eta gero, egin aukera zuzena (koadernoan). Bigarrenez entzunda, zuzendu zure erantzunak.


Entzungaia hemen duzu.

Hona galderak:
1-Urteko zein garaitakoa da grabaketa?
a)     Gabonen ostekoa
b)     Udaldikoa
c)     Aste Santukoa

2-Zein bi bide hartuko dute gure zaborrek?
a)     Dena berrerabiliko dugu eta ondoren saldu.
b)     Zati bat erraustegian erreko dugu eta beste zati bat konpost bihurtu.
c)      Zabortegietan ustelduko dira edo erraustegian erreko ditugu.

3-Zenbat kilo zarama sortu dugu pertsonako?
a)     350 kilo
b)     50 kilo
c)      500 kilo

4-Zarama edo zabor horretatik, zenbat da gai organikoa?
a)     Herena
b)     Laurdena
c)      Ia erdia

5-Hizlariak zenbat urtetan kenduko dizkio gizarteari 4.000 kilo zabor?
a)   Hamabost urtetan
b)     Hogei urtetan
c)      Zazpi urtetan

6-Zer egingo luke zabor horrekin guztiarekin?
a)     Zuloak betetzeko erabili.
b)     Zabor-biltzaileei saldu.
c)      Konposta

7-Zer egin daiteke gero konpostarekin?
a)     Baratze, lorategi eta basoetan ongarri lanak egingo ditu.
b)     Animalientzako jaki ezin gozoagoa izango da.
c)      Loradendei salduko zaie.


2.        JARDUERA
Baina, zer da konposta? Eta garrantzitsuago, zer konposta daiteke?

2.1 Konposta zer den jakiteko, jo ezazu wikipediara

Ez larritu, ez duzu eta dena buruz ikasi behar. Hori bai, gogoan hartu hurrengoa: konposta ONGARRIA da; on egiten duen gaia, beraz.

2.2
Zer konposta daitekeen jakiteko, irakurri ondoren duzun artikulu zatia eta bete taula (koadernoan).


Artikulu zatia:
Lorategiko konpostagailuan zein zizare bidezko vermikonpostagailuan, konposta egitea oso erraza da, baina bi gauza zaindu behar dira kalitateko humusa lortzeko, usain txarrik ez izateko eta nahi ez dugun animaliarik ez erakartzeko: Konpostara zer bota ondo bereizi behar da, eta astean behin edo bitan egoki nahasi.
KONPOSTATZEN DA
- Fruta eta barazki hondar gordin, egosi eta erreak.
- Kafe kondarrak eta iragazkiak, eta tea eta infusio poltsatxoak.
- Arrautzen kartoizko kaxak, sukaldeko eta komuneko paperaren kartoi tutua, sukaldeko papera, paperezko ezpain-zapiak...
- Ogia
- Arrautza oskolak —denbora asko behar dute, eta txiki-txiki eginda botatzea hobe—.
- Egositako arroza eta pasta.
- Lorategi eta baratzeko hondarrak —lorategiko konpostagailuak konpostatzen ditu, baina zizareek ez dituzte jaten, hortzarik ez dutenez, gogorregiak baitira irensteko—: hosto, lore eta landare berde edo lehorrak; belarra; kimaketa-hondar txikituak; egur naturalaren errautsak edo zerrautsak; uzta-hondarrak; fruta eroria; lastoa...
EZ DA KONPOSTATZEN
- Olioa eta frijitutako edozein gai: konpostagailuaren barruan geruza iragazgaitza egiten baitu eta honek zailtzen du deskonposatzen ari den materia organikoan oxigenoa hedatzea.
- Haragia, arraina eta hezurrak: Deskonposatzen denbora asko behar dutenez, usaina botatzen dute, eta inguruko anmaliak erakarri.
- Gorotza: izaki horren elementu toxikoak —bakunak, botikak, gaixotasunak...— konpostarekin zabalduko baitira.
- Landare gaixotuak eta belar txarrak. Zenbait belar txarren haziak konpostarekin zabaldu daitezke. Beraz, belar txarrak konpostagailura bota daitezke, baina haziak izan baino lehen.
- Tratamendu toxikoa izan duten hondakinak: koloretan inprimatutako papera, egur tratatuak...

Galderak:

KONPOSTATZEN DA? 
BAI
EZ
1
Fruta eta barazki hondarrak


2
Egur tratatuak


3
Hezurrak


4
Kafe kondarrak


5
Te eta infusio poltsatxoak


6
Arrautza oskolak


7
Olioa eta frijitutako edozein gai


8
Gorotza


9
Sukaldeko papera


10
Egositako arroza eta pasta


11
Koloretan inprimatutako papera


12
Paperezko ezpain zapiak


13
Tratamendu toxikoa izan duten hondakinak


14
Lorategi eta baratzeko hondarrak: hosto, lore, belar, zerrautsa, fruta...


15
Arraina


16
Arrautzen kartoizko kaxak


17
Haragia


18
Landare gaixotuak eta belar txarrak


19
Kafe iragazkiak


20
Ogia


21
Sukaldeko eta komuneko paperaren kartoi tutua





3.        JARDUERA
Binaka jarriko gara orain; A ikaslea eta B ikaslea. A ikasleak bideotxo bat ikusiko du, eta B ikasleak albistetxoa irakurri. Jarraian, elkarri azalduko diozue ikusi edo irakurritakoa.

Bideotxoa ikusteko klikatu hemen.

Albistetxoa hemen irakurri ahal izango duzu.


4.        JARDUERA. GU ERE KONPOSLARI!!!!
Ikastetxean ere ari gara bai. Ikusi bestela: 





Baina, herrian zer? Ba al da Arrigorriagan konpostatzeko aukerarik? Egia esan, ez. Orain dugun lana, alkateari gutuna idaztea da, herrian bosgarren edukiontzia izan dezagun. Bosgarren edukiontzia udalerri askotan dute jadanik; bertan, etxeetako hondakin organikoak botatzen ditugu, haiekin konposta egin dezaten.
Gainera, gutuna egiteko baliagarria izan daitekeelakoan, hona hemen Iñaki Petxarromanek emandako zenbait datu:

“Ikusi dugun bezala, etxeetako hondakin organikoari bi irtenbide ematen dizkiogu gaur egun:

-Batzuetan zabortegira botatzen dugu. Han, materia organikoa gainerako hondakinekin nahastean, prozesu kimiko azkar bat hasten da, zeinaren bidez metanoa eta beste gai kutsatzaile batzuk isurtzen diren. Honekin batera, lixibatuak sortzen dira, ura nahasten denean usteltzen hasitako hondakin solidoekin. Nahasketa hori oso arriskutsua da, erreketara eta ibaietara iristen delako kutsadura.

-Gehienetan, Arrigorragaren kasuan bai behintzat, errauste plantara eramaten dugu, Zabalgarbira. Han dena batera erretzen da, eta erretzearen ondorioz dioxinak, furanoak eta metal astunak askatzen dira atmosferara, eta, berez, substantzia horiek guztiak minbizia eragile, mutageno eta erreprotoxikoak dira.”
Iñaki Petxarroman; Su haietatik ke hauek

Garbi dago, beraz, bosgarren edukiontzia interesgarria dela. Idatz diezaiogun gutuna alkateari hura eskatzeko. Baina, nola idatzi gutun formala? Hemen duzu eredu bat. Aurki itzazu idazki honetan atal hauek:

Lekua eta data / hasierako agurra / amaierako agurra / sinadura / igorlearen datuak / gorputza: arazoa / gorputza: arrazoiak / gorputza: eskaera / norberaren aurkezpena / gutunaren helburua / oharra


Galdakaon, 2013ko otsailaren 17an

Alkate jauna:
Igor Okeluri dut izena, 14 urteko gaztea naiz eta Galdakaoko Bengoetxe auzoan bizi naiz arreba eta gurasoekin batera. Zuregana jotzen dut eskari bat egiteko. Izan ere, jakin berri dugu gure auzoan polikiroldegia eraikitzeko asmorik ez duzuela.

Aspaldiko arazoa da kiroldegiarena. Bengoetxe auzoa erdigunetik nahiko urrun dago, eta Galdakaoko kiroldegia aparte samar dago. Gainera, bertara joateko autobus gutxi ditugu, egunean lau, hain zuzen. Azken urteotan, auzoko bizilagunen kopuruak gora egin du, gazteenak batez ere; eta jakin badakigu gazteen artean kirola egiteko zaletasun handia dagoela.
Horrez gain, jakina da kirolak onura asko dakartzala: osasunerako ona da; gazteen aisialdirako aukera paregabea; helduentzat ere, sasoian mantentzeko biderik egokiena da; eta, gainera, haurrek inguruan kirola ikusten badute, bihar-etzi haiek ere errazago hasiko dira ariketa motaren bat egiten.
Eta, gainera, badakigu jakin diru arazorik ez dagoela; udaleko diruzainak hala esan digu.

Garbi dago, beraz, kiroldegia egin daitekeela eta arrazoi nahiko badagoela lanari ekin diezaiogun.

Zure esku dagoen guztia egitea espero dut. Aldez aurretik eskerrak emanez, zure erantzunaren zain egongo naiz.

Besterik gabe, agur.
                                               
                                                                             IZP.:











Oharra: Eranskinean, Bengoetxe auzoko hirurogeita hamar biztanleren sinadurak eta NAN zenbakiak dituzu. Horiek guztiek bat egin dute neure eskariarekin.

Orain bai, ereduari jarraituz, idatz iezaiozu gutuna Arrigorriagako alkateari.

GURE GUTUNAK!!!!




ALKATEAREKIN!!!!
Gure gutunak hartu, eta alkateari eman dizkiogu. Abegitsu hartu gintuen bere bulegoan; begiratu argazkia:



No hay comentarios:

Publicar un comentario